Nolakoa da web baten garapen prozesua?

Web guztiak ez dira berdinak ezta webak garatzen dituzten talde guztiak ere. Bakoitzak bere prozesua izango du, atalen batean gehiago sakonduko du agian baina hau da Saretzen Web Estudioan web proiektu bakoitzarekin jarraitzen dugun garapen prozesua.

Web proiektu baten garapen prozesuak hainbat fase ditu. Proiektu guztiak bezala, bezeroarekin hartu emanarekin hasten da eta proiektuaren entregarekin amaitu. Metodologiari erreparatuta, orain oso modan dauden Agile metodologiak aurki genitzazke, SCRUM adibidez, baina honetaz beste batean hitz egingo dugu. Oraingoan web baten garapenak izango dituen faseez arituko gara, zazpi hain zuzen ere.

Fase guztietan bezeroarekin elkarrekintzan arituko gara, bukaerako emaitza ahalik eta egokiena izateko.

Lehen fasea: Informazioa eskuratzea

Bilatu eta aztertzeko fasea. Garrantzitsuena, bezeroaren beharrak eta ideia egokien aztertzea. Fase honetan hartutako erabakiek proiektuaren nondik norakoa finkatuko dute, horregatik helburuak, konpetentzia, merkatua ongi aztertu behar dira etorkizunean proiektuaren norabidea ez aldatzeko.

Bezeroarekin bilerak

Hasieran esaten genuen bezala, web eta proiektu guztiak ez dira berdinak. Ez dira berdinak web orri estatiko bat eta blog bat barneraturik dituzten web orriak. Ezta ere kudeaketarako erabiltzen diren Web aplikazioak eta internet bidez saltzen diren produktuen web denda bat. Bezeroaren beharrei erreparatuz, egokienak diren teknologiak, egiturak eta estrategiak aztertuko dira.

Fase honetan bezeroarekin hainbat alditan elkartuko gara. Proposamen ezberdinak eginaz eta bezeroari gure aholkuak emanaz hurrengo fasera egingo dugu jauzia.

Bigarren fasea: Plangintza eta orria egituratzea

Iada beharrezko informazio guztia eskuartean izanik web orriaren egitura definitzen hasiko gara. Bezeroaren beharrei erreparatuz, web orriak izango dituen atalak finkatuko ditugu, atalen arteko nabigazioa eta sortu beharreko azpiatal guztiak. Horretarako zuhaitz moduko bat irudikatuko dugu, sitemap bezala ezagutzen den orriaren mapa marraztuaz. Mapa honek etorkizunean sortu beharrezko nabigazio menua sortzen lagunduko digu, baita nabigazioarentzat egokiena den diseinua aukeratzen ere.

Sitemap edo orriaren oinarrizko egitura

Diseinuari dagokionez lehen ukituak emango ditugu, bat ere zehaztazunik gabe wireframe bezala ezagutzen diren zirriborroak eginaz. Zirriborro hauek laukiez osatutako elementuak irudikatuko dituzte, ez da testurik ezta irudirik erabiliko, identifikatzeko izenak soilik. Zirriborro hauek orri  eta boligrafo edo arkatz soilez irudika daitezke edo horretarako aproposak diren aplikazioak erabili.

Bezeroarekin zirriborro hauek elkarbanatuko ditugu, bere iritzia eman eta zerbait gustoko ez badu aldatu ahal izateko. Bezeroarentzat diseinuaren aldetik lehen ikuspuntua izango da.

Hirugarren fasea: Diseinua

Atal honetan web orriak itxura eta kolorea hartuko du. Horretarako logo, argazki, irudi, bideo eta beste hainbat media diseinatuko dira. SARETZEN-en garrantzi handia ematen diogu logo eta web orriaren koloreen parekotasunari. Konsistentzia orri guztietan mantentzen saiatzen gara.

Wireframe-ak abiapuntu hartuaz, diseinatzaile grafikoekin web orriaren itxura definitiboa diseinatuko dugu. Garrantzitsua da azpimarratzea diseinu hauek ez direla funtzionalak, irudi soilak baizik.

Laugarren fasea: Edukia

Edukiak ere bere garrantzia du eta horregatik bere fase propioa izango du. Atal honetan bezeroak garrantzi handia izango du, transmititu nahi den mezua eta modua definitzen.

Sortu beharreko orrien, goiburukoen, oinaren, tituluen eta azpitituluen edukia idatziko dugu hemen, iritsi nahi den erabiltzaileari zuzenduta erabili beharreko hizkuntza maila eta moduari erreparatuaz.

Bosgarren fasea: Kodeketa

Web orriari bizia ematen hasiko gara hemen. Eginiko grafiko eta eduki guztiak erabiliaz, diseinua eta egitura kodetuko ditugu, orriak lotuko ditugu eta web orriari funtzionalitateak emango dizkiogu.

Web kodeketa

Aukeratutako web egiturari esker, erabili beharreko CMS edo e-Commerce motorrak instalatuko ditugu.

Bezeroak garapen prozesua aztertu ahal izateko, guztiz funtzionala den web demo bat eskeiniko diogu eta eginiko aldaketa guztiak online ikusi ahal izango ditu.

Seigarren fasea: Probak, zuzenketak eta publikazioa

Atal hau behar beharrezkoa da. Web orriko orri bakoitza, formulario eta esteka bakoitza probatu beharra dago, batenbatek oker funtzionatu ezkero zuzendu ahal izateko.

Behin dena ongi dagoela ziurtatuta eta bezeroak bere oniritzia emanez gero interneten publikatuko dugu. Bezeroari web atzipenen datuak eskeiniko dizkiogu, A/B probak egiteko aukera eta helburuak finkatu eta emaitzen txostenak ateratzeko aukera.

Momentu honetan erabiltzaile fluxuari dagokionez, errendimentua aztertzea ere garrantzitsua da.

Bilatzaileen kokapena hobetzeko ere SEO teknikak erabiliko ditugu.

Zazpigarren fasea: Mantenua eta eguneraketak

Behin web orria publikatuta, arazoak, akatsak, segurtasun arazoak suertatu daiztezke. Horretarako eguneraketak aplikatzen ditugu web orrietan.

Bezeroak ere askotan gauzak aldatu edo berriak gehitu nahi izaten ditu, funtzionalitate edo atal berriak adibidez.

 

 

Beraz, ikusten den bezala, web orri baten garapen prozesua ez da kodeketan hasi eta publikazioan bukatzen. Beste hainbat aurretiko atal daude proiektuaren nondik norakoa definitzeko eta prozesuak ahalik eta egokiena egiteko.

Hau guk SARETZEN-en jarraitzen dugun prozesua da. Gure lan egiteko modua gustoko baduzu eta zure proiektu edo negozioarentzat web orri baten beharretan ikusten bazara, gurekin kontaktuan jarri zaitezke info@saretzen.eus posta helbidean.

Besterik gabe,

Ondo izan!

Web orri honek cookiek erabiltzen ditu erabiltzailearen nabigazioa errazteko